Aukeratu dira 2016ko laburrak

Aukeratu dira 2016ko laburrak

2016-06-13

Katalogo berria Zinemaldian aurkeztuko da

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 63 proposamenen artean egindako aukeraketaren arabera.

Aurtengo batzordea osatu duten kideek, hots, Amaia Serrulla –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea–; Carmen Chávez –Cortosfera aldizkariko proiektu zuzendaria–; José Manuel Zamora –Abycine - Albaceteko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria–; Mari Fran Machín –ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren koordinatzailea– eta Rosa Zufíak –kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko zuzendaria– honako aukeraketa osatu dute:

  1. BETI BEZPERAKO KOPLAK, Ageda Kopla Taldea
  2. CAMINAN, Mikel Rueda
  3. FALSE FLAG, Asier Urbieta
  4. GURE HORMEK, Las Chicas de Pasaik (Maria Elorza eta Maider Fernandez)
  5. HILETA, Kepa Sojo
  6. IHESA, Alejandro Diaz Castaño
  7. RENOVABLE, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño

Katalogoak fikzioa, dokumentala eta animazioa jasotzen ditu, ikuspegi berrien bidez landuak. Hizkuntzei dagokienez, hiru euskara hutsean daude, bi gaztelaniaz dira, bat euskaraz, italieraz eta gaztelaniaz egina dago, eta beste bat ingelesez.


BETI BEZPERAKO KOPLAK

Begoña Vicariok koordinatutako proiektu hau Maialen Lujanbiok Santa Ageda bezperako koplen harian egindako bertso baten interpretazioa da. Santa Ageda doinuaren erritmoa eta metrika erabiliz, genero-indarkeria salatzen du modu gogor eta lehorrean.

Bertsoko estrofa bakoitza (hamahiru dira guztira) animatzaile batek interpretatu du. Vicariok koordinatu duen ikasle taldeaz gain, Kote Camachok, Izibene Oñederrak eta Aitor Oñederrak ere eman dute beraien ikuspegia.

Begoña Vicariok Kimuaken lehen edizioan hartu zuen parte Pregunta por mí laburrarekin, 1997. urtean Goya saria irabazi zuena. Gero, 1999an, Haragia lanarekin sartu zen berriz. Orduz geroztik animazioa irakasten du EHUko Arte Ederren fakultatean.


CAMINAN

Mikel Ruedak zuzendu eta ekoiztutako Caminan dramak, Maribel Verdú eta Germán Alcarazu ditu protagonista eta ezerezaren erdian elkartzen diren bi pertsonaia bakarti erakusten dizkigu.

Bilboko zuzendariak 2012ko Kimuaken katalogoan hartu zuen parte Agua! film laburrarekin. 2010ean Izarren argia, bere lehen film luzea zuzendu zuen, eta 2014an A escondidas estreinatu zuen, hain zuzen ere Germán Alcarazu protagonista zuena.


FALSE FLAG

Asier Urbieta egile donostiarrak False Flag thriller politikoa aurkezten du. Garaje abandonatu batean aurkituko dugu pertsonaia nagusia, tortura jasan ostean esnatzen dela. Eskumuturretan dauzkan sokak apurtzen dituenean, jeep bat garajera sartu eta argiak pizten dira. Eneko Sagardoy eta Maarten Dannenberg dira antzezle nagusiak.

Asier Urbietak telebistarako iragarki eta dokumentalak egiten ditu, batik bat. Bere filmografian Pim Pam Pum (2008), Taxi (2012) eta Arconada (2013) laburrak aurki ditzakegu.


GURE HORMEK

Gure hormek dokumentala Maria Elorza eta Maider Fernandez zuzendariek osatzen duten Las chicas de Pasaik kolektiboak sinatzen du. Egileek etxeko hormak hartzen dituzte abiapuntu bezala, emakumeen esparruari buruzko gogoeta zolia egiteko.

Las chicas de Pasaik-ek Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2014, Aitor Gametxorekin batera zuzendua), Errautsak dokumental kolektiboa (2014, Zinebiko Zinergentziak#14 barruan egina), Agosto sin ti (2015) eta Kalebegiak proiektuko La chica de la luz pasartea zuzendu dituzte.


HILETA

Kepa Sojo zuzendari arabarra aski ezaguna da film laburren munduan, 1997an 100 maneras de hacer pollo al txilindron egin zuenetik. 2015ean Loco con ballesta laburrarekin Goya Sarietarako izendatua izan ostean, lehen aldiz hartzen du parte Kimuaken, Hileta izeneko obrarekin.

Izenburuak dioen bezala, istorioa beila batean garatzen da, 1925ean, Martikorena sendia Inge gaztea agurtzen ari dela. Bilbea Carl Theodor Dreyerren Ordet filmaren sekuentzia batean oinarritzen da, baina Sojoren ukitu nahastezina dauka. Aparteko aktore-multzoa dago Hiletaren atzean, familia Kandido Urangak, Itziar Atienzak, Mikel Losadak, Martxelo Rubiok, Jose Kruz Gurrutxagak, Josean Bengoetxeak, Asier Hormazak eta Jose Ramon Soroizek osatzen baitute, besteak beste.


IHESA

Ihesa Alejandro Díaz Castañoren lehen lana da. Gijonen jaioa, Donostian bizi izan da azken urteetan. Zinema kazetaritzan dihardu 2000 urteaz geroztik eta egun Caimán Cuadernos de Cine eta Rockdelux aldizkarietan idazten du. Honez gain, Sevillako Zinema Europarreko Jaialdiko programazioaren arduraduna da.

Filmean, Iosu protagonistari existentzia-arazoak planteatuko zaizkio itogin bat dela eta bizilagunen etxera igotzen denean.


RENOVABLE

Renovable Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak batera egindako azken lana da, Loreak film luze sarituaren ostean. 2005ean Goenagak zuzendu zuen Sintonía laneko pertsonaiak elkartzen ditu berriz, aktore berdinek antzeztuak (Josean Bengoetxea eta Tanya de Roberto). Oraingoan, 10 urte ostean, energia berriztagarrien kongresu batean elkartzen dira. Trama Bilboko Iberdrola dorrean garatzen da.

 

Aukeraketa berriaren aurkezpen ofiziala datorren irailean izango da, Donostia Zinemaldian.